Skip to content

Osoko Batzar "Txikia"

Umeen Eskubideen Egun Unibersala baino egun batzuk lehenago Bizkaiko Batzar Nagusietan ospatutako Osoko Batzarrean 12-14 urte bitarteko gazteek parte hartu dute.

Bizkaiko 8 ikastetxetako adinbakoek, Bizkaiko ume guztien ordezkari
moduan, eta arduradun politikoek adierazpen bat sinatu dabe Gernikan,
bardintasunezko herrialde bat eregiteko proposamenakaz; herrialde
horretan nortasunerako eskubidea funtsezko printzipioa izango da.

Ikasleek eztabaida publikoan parte hartzeko eskubidea erabili dabe Gernikan, osoko batzar “Txikia”-ren 4. edizioan lurraldeko ordezkari politikoakaz partekatu daben adierazpen baten bidez. Batzar berezi horretan, adinbakoek umeen “nortasunerako eskubidea” aldarrikatu dabe aurten. Izan ere, printzipio hori jasota dago aurten 32. urteurrena ospatzen dauen Umeen Eskubideei buruzko Konbentzinoan.

64 gazteek “estereotipoak eta etiketak apurtzea” eskatu dabe. Gurari berezi bat be eskatu dabe: euren askatasuna erabiltzea “gure gustuengatik, gure izaerarengatik, gure janzkerarengatik edo gure ohiturengatik epaituak izateko bildurrik ez izateko”.  “Diskriminaziorik ezaren aldeko deia egiten dogu, nortasun bakotxa errespetauta egongo dan aurreretxirik bako gizarte bat aldarrikatuz.” Amaitzeko, “alde batera ez geratzeko” eta euren eskubideak bermatzeko behar egiteko eskatu deutsee erakundeetako ordezkariei.

Ana Otadui Bizkaiko Batzar Nagusietako lehendakaria eta Isidro Elezgarai Euskadiko UNICEFeko presidentea izan dira umeen osoko bilkuraren buru, eta, hareekaz batera, Mahaiko kideak eta Bizkaiko Batzar Nagusietako talde guztietako eta UNICEFeko ordezkariak izan dira. Aldundiaren izenean, Sergio Murillo Gizarte Ekintzako diputatua egon da.

Ekitaldiaren informazio gehiago izateko, Bizkaiko Batzar Nagusiek igorritako prentsa oharra edota EiTBk Teleberri saioan egindako erreportaia (34:04 minututik aurrera) ikus ditzakezu.